Ez dugu sekula jakingo zenbat pertsona exekutatu zituzten sorginkeria egotzita, gertakari haiek jaso zituzten dokumentu asko suntsituak izan direlako. Halere, gaur egunera arte iritsi diren dokumentuen argitan, badakigu mende bakarrean, 1535-1650 urteen bitartean, 300 pertsona baino gehiago atxilotu zituztela Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin, gehienak emakumeak. Gainera, haietako asko torturatu egin zituzten, eta jendaurrean urkatu edo bizirik erre.

Badakigu, era berean, erailketa haiek Estatuak eta Elizak bultzatutako jazarpen zabal baten parte izan zirela. Hiru mendez, izua erein zuten Europaren mendebaldeko komunitate ugaritan, eta heriotzara eraman zituzten milaka emakume. Gainera, sorgin-ehiza ‘Mundu Berrira’ ere iritsi zen, XVI. mendean, misiolarien eskutik; konkistarako eta kolonizaziorako baliabide gisa erabili zuten, batez ere Brasilen, Kolonbian eta Perun. Ameriketako plantazioetan, esklabotzara behartutako gizon eta emakumeei sorgintzarekin zerikusia zuten karguak egozten zizkieten. Beraz, feministek salatu izan duten gisan, argi dago XVI. eta XVIII. mende bitarteko sorgin-ehiza garrantzi goreneko eta mundu-mailako fenomeno historiko bat izan zela, erabat inportantea zapalkuntzaren aurkako altxamendua bortizki menderatzeko eta garatzen ari zen mundu kapitalistan emakumeek izan behar zuten estatus soziala zehazteko.

Hori guztia aintzat hartuta, pentsa genezake halako gertaera historiko aparteko batek baliabide ugari mugiaraziko zituela, eta ehunka ikerketa-proiektu inspiratu, sorgin-ehizaren arrazoiak eta ondorioak aztertzeko, orobat jazarpen hura posible egin zuten kondizio ekonomiko eta politikoak. Baina, jakina denez, ez da horrelakorik gertatu. Mugimendu feministaren goraldiaren aurretik, aditu gutxi batzuek baino ez zioten heldu gai horri, eta haiek sortutako testu eta artikuluak unibertsitateko akademiko batzuen esku baino ez dira egon. Bestalde, sorgin-ehizaren historia ez da ezein curriculum akademikotan txertatu, aditzera emanez, nolabait, zalantzarik gabe asmatuak izan ziren karguez salatutako milaka emakumeren legezko erailketa garrantzi historikorik gabeko gertaera bat izan zela. Eta, are okerrago, Ameriketako herri indigena natiboen esterminioarekin gertatu zen bezala, kapitalismoaren goraldiarekin batera gertatu zen sorgin-ehiza umeen jolas eta dibertimendu-iturri bilakatu da. Estatu Batuetan, adibidez, Halloween gauean, neskatilek sorgin-kapelak janzten dituzte, eta trick or treat jolasean aritzen dira (etxez etxe joan, eta goxokiak eskatzen dituzte, ziria ez sartzearen truke).

Sorginak kondaira bihurtu ziren, jolas, folklore, iratxo eta maitagarrien mundu alegiazko baten parte, eta, hala, sorgin historiko/errealak, emakume laborari/artisau/proletario esklabo bortizki torturatu eta erailak, ikusezin bihurtu ziren, historiatik ezabatuak izan ziren, irri-egingarri bilakatuak. Hainbat emakume-belaunaldiri, baita gureari ere, indarrez ukatu zaie historiaren parte bat, lehenagotik ezagutuz gero lagungarria izango zitzaiguna gure mendekotasun sozialaren jatorria ezagutzeko, orobat gizarte honen errealitatea ulertzeko.

Topaketa honekin, historia hori gogoratu eta aldarrikatu nahi dugu, jazarpen horren memoria aldarrikatu nahi dugu, Espainiako estatuak ere ezerezte sistematiko horren prozesuan parte hartu duelako. Gutako batzuk sorgin-ehizak izan diren toki batzuetan izan gara, eta ohartu gara sorginaren irudia espekulazio komertzialerako erabiltzen dela, turistak erakartzeko baliabide bat dela. Tamalgarria eta lotsagarria bada ere, Frantzia eta Espainia arteko mugaren bi aldeetan, eta beste oroigarri batzuekin batera, itxura izugarriko sorgin-panpinak eros daitezke, barregarriak, kapela jantzita dutela eta erratzaren gainean zangalatrau doazela, deabruzko irri batekin. Zer esan halako misoginia- eta adinkeria-erakustaldi nabarmenaren aurrean; izan ere, sorginen irudiak emakume zaharrak ere kondenatzen ditu ostrazismora. Zer pentsatuko genuke baldin eta Auschwitz-eko irteeran kontzentrazio-eremuetan eraildako presoak irudikatzen eta irrigarri uzten dituzten panpinak salduko balira? Zergatik onartzen da halako sarraski baten komertzializazio lotsa gutxiko hori?

Desengainu handia hartu dugu, halaber, ikusita nola irudikatzen dituzten sorginak ustez sorgin-ehiza azaltzeko berariaz sortutako museo batzuetan. Gure iritziz, oinarri sendoko berreraikuntza historiko bat egin beharrean, kontakizun mistifikatua eskaintzen dute. Adibidez, sorgin-ehiza arrazoiaren eta superstizioaren arteko aspaldiko gatazka bat balitz bezala aurkezten dute; beste behin ere, ikuspegi horrek jazarpenaren benetako biktimak ezkutatzen ditu, eta ez du aipatu ere egiten zergatik bizi izan genuen emakumeen kontrako gerra bat aro modernoaren hastapenean.

Esan ohi denez, oroitzen ez dena errepikatu egiten da. Eta, izan ere, hala da: sorgin-ehiza munduko hainbat tokitara itzuli da, gutxienik ere 1990eko hamarkadatik aurrera; milaka biktima eragin ditu dagoeneko, eta, beste behin ere, emakumeak dira itu nagusia.

Horregatik, erabaki dugu ez garela isilik geratuko. Jatorriz Europakoak edo Ameriketakoak garen gutako askorentzat, sorginen historia berreskuratzea gure herenamonen historia berreskuratzea da. Lan ezinbestekoa, inondik ere, baldin eta globalizazio-prozesuarekin batera mundu osoan piztu den indarkeria ­­–sorgin-ehiza berri baten ezaugarriez josia– ulertu nahi badugu.

Gai horien inguruko eztabaida sustatzeko, topaketa hau antolatu dugu, halaber topaketaren amaieran egingo dugun ibilbidea. Dagoeneko, proiektu honek emaitza garrantzitsuak izan ditu. Hainbat tokitan, emakumeak taldetan biltzen dira, eta Espainiako sorgin-ehizari buruzko materialak irakurtzen dituzte, haren gaineko gogoeta egiteko eta gaur egungo egoerarekin duen lotura aztertzeko. Bestalde, liburuak, artikuluak eta artxiboko dokumentuak modu sistematikoan biltzen hasi gara, eta dokumentu baliotsuak gordetzen dituzten artxibategietan lan egiten duten pertsonekin harremanetan jarri gara, zeinak prest agertu baitira dokumentu horiek interesdunei erakusteko. Nolanahi ere, kongresu honen bidez gure irismena zabaldu eta harago jo nahi dugu, eta gai honetan interesa izan dezaketen kultura-erakundeak ere gonbidatu nagi ditugu; espero dugu gure kritikaren baliagarritasuna onartuko dutela, eta sorgin-ehizaren historia modu zehatz eta egokiago batean eraikitzen lagunduko digutela. Izan ere, emakumeen eta beste talde zapaldu batzuen aurkako gaur egungo indarkeriaren jatorriari dagokionez, asko dugu, oraindik, ikasteko.

Silvia Federici.